XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esku biak loturik, soldadu biren artean etorren David Herbert gaztea, saka-sakaka.

Gorroto bizia, kondaezinezko gorrotoa erion Milos ikusi ebanean, baina bere ahotik ez zan hitzik atara.

Tente geratu zan Milosi begira, harrizko estatua bat balitz legez, arpegiko jestu izugarria aldatu gabe.

Soldaduak barriro esan eutsan:
- Hobe dozu hemendik alde egin eta urrun joan.

Herri honetan ez da inoiz izan odol gabeko traiziorik.

Eta goroldioak ia irensten eban bide zidorretik abiatu zan, beherantz, bere arrastoa galdu zan arte....

Eguzki goiztiarraren geziek kristalean klisk deika, amesgaiztotik askatu dabe Milos.

Begi-makarrak igurtziz, mesanotxetik baso bete ur hartu dau, zurrutada arinez edateko.

Goiz honetan guztiz nekatuta aurkitu dau bere gorputza, eta antza ez dauka jagiteko gogo handirik.

Atean jo dabe.

Milosek erlojurantz zuzentzen ditu begiak, eta nahiz eta gela garbitzeko goizegi dala ohartu, sartu daitela dinotso, premiazko gauzaren bat dalakoan.

Baina ez da atezainaren andra berbatia agertzen dana.

Gizon heldu bat, traje dotore bategaz jantzita, gelan sartzen da.